Iruñea, 1964. Kazetari izana da. NaBaiko diputatua Espainiako Gorteetan azken bi legealdietan. NaBaiko zinegotzia Iruñeko Udalean egun. Alta, NaBai ez da azaroaren 20ko hauteskunde orokorretan izanen. Geroa Bai koalizio berriaren zerrendaburua da.
Iruñeko Gaztelu plazan gaude, NaBaiko egoitzan. NaBai ez da datozen hauteskundeetan aurkeztuko. Egoera berriak ez du Uxue Barkos kikildu, ezta pairatzen duen eritasunak ere: “Oso ongi nago. Uneon, tratamendua bukatu berria, nekatuago. Erradioterapia gogorra da. Nire lehentasunak familia, lagunak eta lana izan dira, baina askotan lanak hartu dit aurrea. Senide eta lagunei denbora gehixeago eskaini behar diedala ikasi dut”.
Elkarrizketa honen ondoren Iruñeko Udaletxera joanen zara NaBaiko kide bezala. Zer-nolako giroa bizi duzue egoera berrian?
Azken urte pare honetan egoera ez da batere erraza izan, une gogorrak izan dira politikoki –eta pertsonalki ere– bai niretzat bai guztiontzat. Izan ere, azken zortzi urteotan lana ongi egin dugu, baita NaBai proiektua ongi kudeatu ere. Maiatzean, foru eta udal hauteskundeetan izan zen lehen haustura, orain bigarrena. Batzuek bestelako erabaki politikoak hartu dituzte, legitimoak. Herenegun Foru Parlamentuko edo udal taldeko kide batzuk Amaiur koalizioaren aurkezpenean zeuden. Beraz, lehenengo momentu hauetan gauzak nahasita daude. Normala da hori. Amaiur nahiz Geroa Bai hauteskundeetarako koalizioak dira eta horrela hartu behar dira. Artean, NaBairen proiektua aurrera eramateko gauza izan behar dugu, gure konpromisoa da gure ahaleginen ardatza.
No hay comentarios:
Publicar un comentario